Eskola garraiorik gabe geratuko dira Zaldibiako 40 ikasle

200 metroko aldeagatik zerbitzurik gabe utzi nahi dituztela salatu dute familiek

Kezka, desadostasuna eta haserrea nagusitu dira Zaldibian. Datorren ikasturtetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola garraio publikoa kenduko die Ordizian DBH3 eta DBH4 ikasten ari diren herriko gazteei. Neurriak zuzenean eragingo die 40 ikasleri eta haien familiei. Goierriko herri honetako eragileak mobilizatu dira jada. Zaldibiako Ausa-Gaztelu zein Ordiziako Oiangu guraso elkarteek, Lardizabal eta Oianguren ikastetxeetako zuzendaritzek eta Zaldibiako Udalak adierazpen bateratu baten bidez salatu dute erabakia, eta neurria atzera bota dezatela exijitu dute.

Hezkuntza Sailak Eskola Garraioa arautzen duen 164/2023 Dekretua hartu du oinarritzat neurri hau ezartzeko. Araudi horren arabera, bigarren hezkuntzako ikastetxetik lau kilometro baino gutxiagora bizi diren ikasleek ez dute eskola garraio zerbitzurako eskubiderik. Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, Zaldibiatik Ordiziako Oianguren ikastetxera 3,8 kilometroko distantzia dago.

Kontraesanak

Zaldibiako hezkuntza komunitatearen ustez, “hezkuntza sistema sendo eta kalitatezkoa izatea edozein gizarteren oinarri nagusienetako bat da”. Horregatik, erabakia kritikatu dute: “Harrigarria da hezkuntza komunitate oso bati eragiten dion neurri hau hartzea, ikasleen segurtasunean, familien eguneroko antolaketan, aukera-berdintasunean eta mugikortasunean izango duen eragina behar bezala baloratu gabe”.

Gainera, erabakia Eusko Jaurlaritzak berak aldarrikatzen dituen hainbat printzipiorekin “kontraesanean” dagoela adierazi dute, hala nola “aukera-berdintasuna, jasangarritasuna, mugikortasun jasangarria, lurralde kohesioa eta landa eremuen garapena”.

Distantziaren argudioaren aurrean, ondorengo galdera planteatu dute: “Benetan 200 metroko alde hutsalagatik galdu behar dute gure seme-alabek eskola garraio publikoa erabiltzeko eskubidea?”.

Kaltetuek gogorarazi dute egoera honek badituela aurrekarriak herrian: “1996an, DBH ezarri zenean, Zaldibiako ikasleak 12 urterekin herritik kanpora ikastera joatera behartu zituzten, herritarren borondatearen aurka”. Orain hartutako neurriarekin, “landa eremuetako herri txikiek urteetan jasandako eskubide galeraren bidean beste urrats bat” emango dela diote. “Zergatik izan behar dute Zaldibiako gazteek inguruko beste herrietako adinkideek baino eskubide gutxiago?”, gaineratu dute.

Garraio arruntaren mugak

Hezkuntza Sailak, alternatiba gisa, garraio publiko arrunta erabiltzea proposatu die familiei, baina herritarrek adierazi dute eskualdeko autobus zerbitzuak muga handiak dituela. Gurasoen esanetan, eskualdeko autobus zerbitzu arruntak “ez ditu bermatzen eskola garraioak eskaini beharreko baldintzak”, hala nola “ordutegi egokiak, ikasleen segurtasuna, eserleku bana izatea eta doakotasuna”.

“Gurasook argi daukagu: ez dugu pribilegiorik eskatzen. Gure seme-alabek hezkuntzarako sarbidea segurtasunez, duintasunez eta aukera-berdintasunean izatea eskatzen dugu”, aldarrikatu dute prentsa oharrean.Eskola garraioa “erosotasun hutsa” ez dela, eta landa eremuetan bizi diren familien egunerokoa ahalbidetzeko “zerbitzu publiko funtsezkoa” dela azpimarratu dute.